“Plazera bizitzeko gaitasuna da sexualitatea” (Carlos Menendez), y “plazera bizitzeko baimena ematen diodanean nire buruari, hobeto sentitzen naiz” (Aingeru Mayor).
Sexualitatea, jolasaren dimentsioan, plazera bizitzeko gaitasuna da pertsona sexudunongan. Gure sexualitatea komunikazio-bide bat ere bada, eta maitasunaren keinu xumeenarekin abiatzen da, samurtasunarekin. Eta hauxe da samurtasuna, Carlos Menéndez zenaren hitzetan: “zuretzat inportantea izateko gaitasuna, zu niretzat inportantea zarelako”.
Ez dugu gorputzik: gorpuzdunak gara. Gure gorputza ez da arimaren kartzela, ezta espiritu batek zuzentzen duen makina ere. Gorputzaren bidez hautematen dugu sentsualitatea, eta baita zentzumenen bizipenak ere: sentsazioak datozkigu zentzumenetatik eta, larruazalak elkartzen ditugunean, sentipenak izaten ditugu.
Organo erogenoa da larruazala, errezeptore sentikorren sare bat, gorputzak besarkatzen, limurtzen eta aztoratzen dituena. Gorputzaren magia eta larruazalaren plazera bizitza osoan daude gurekin, hil arte; beraz, ez ditugu baztertu edo alboratu behar gure bizialdian.
Tailerretan espazio seguru eta profesional bat sortzen dugu, partaide bakoitzaren erritmoa zaintzeko eta nire gorputzaren plazerak arakatzeko, zentzumenetatik sentsazioak bizitzeko, entzute aktiboa balioesteko, eta pertsona bakoitzaren adierazpen modu berezia baldintzarik gabe onartzeko, pertsona sexudunak garen aldetik.
Bizipenerako espazio bat eskaintzen dugu, pertsona gisa hazteko eta, dinamiken eta jolasen bidez, autoezagutzan sakontzeko. Azken buruan, gorputzaz kontziente izatea da helburua, nire ongizatea handitzeko eta nire topaketa erotikoak aberasteko.
Eskainitako espazio-denborak arretaz zaintzen ditu partaide bakoitzaren berezitasunak eta aukerak.
Tailerretan, Aingeru Mayor eta Olatz Marcos bikoak 10 urtetik gorako epean sortu eta osatu duten Samurtasun-Tailerren lan-metodologia barneratzen da. Metodologia horren oinarrian Carlos Menéndez sexologoak Sustraia sexologia-eskolan garatu zuen proposamena dago. Aingeru, Olatz eta hirurok Sustraian aritu ginen, bere garaian.
Tailerraren edukiari edo metodologiari buruzko zalantzaren bat baldin baduzu, kontsultatu hemen: maite@mahibar-co.es
Tailerrak, Gipuzkoan, leku zoragarri batean egiten dira, Antzuolako Laskurain baserriko instalazio egoki eta dotoreetan.
“Guztiaren gainetik jarri nahi dut tailer bakoitzak (eta bizitzak berak) ematen dizkigun aukerak: norberaren gorputzaz ikastekoa eta hori guztia eguneroko bizitzan praktikatzekoa. Bizipen fisikoa, zirraragarria eta emozionala da, osoa, hunkigarria. Magia hutsa”.
Andoni, 44 urte
“Asteburu honetan, niretzat oso lasaigarria eta hunkigarria izan da leku seguru batean nengoela sentitzea, babestuta, begirunez hartua, onartua eta maitatua, inolako baldintzarik gabe. Bihotza maitasunez, samurtasunez eta esker onez beteta itzuli naiz”.
Idurre, 49 urte
“A zer-nolako bidaia egin dudan. Ez nuen pentsatu ere egiten horrelako samurtasun, begirune eta maitasun zintzo eta baldintzarik gabekoa senti nezakeenik pertsona guztienganako, etiketa guztien gainetik”.
Aitor, 39 urte
“Tailer honek askatasunaren eta plazeraren munduak zabaldu dizkit, “sorginduta” bezala egon naiz niretzat ona den horren barruan... limiteak jartzeko dudan gaitasunaz jabetu naiz, nire keinuek zer transmititu dezaketen ikusi dut, nire desirak azaltzera ausartu naiz, eta bestearen desira entzuten aritu naiz, elkarrekin aritu garenean. Bihotzez eskertzen dizut eman diguzuna eta hori guztia emateko modua. Leku seguru batean sentitu naiz, atsegina, epairik gabea eta maitasunez betea”.
Maggy, 34 urte
“Eskerrik asko. Pribilegio bat izan da niretzat tailer honetan parte hartzea. Zorionekoa neu!! Orain arte ez nituen horrela elkarbanatu nire malkoak, kezkak, konplexuak, beharrak... ordu gutxi batzuk lehenago niretzat ezezagun ziren pertsonekin”.
Galder, 43 urte
“Nire sentipenen karpetetan topaketaren desira zabaldu da. Oso polita izan da. Asteburuak distira egin du nigan, zu oso fin ibili zarelako”.
Unai, 48 urte
“Ezagutzeko espazio bat izan da tailerra, jolastekoa, hartzekoa, jantzi batzuk erantzi eta arropa berria hautatzekoa… eta, gainera, bila aritzeko, arakatzeko aukera eman dit, ikusle soil izatera mugatu gabe. Zertara ez naizen ausartzen jakin dut, eta hori ikusten eta errespetatzen ikasi dut”.
María, 35 urte
Oso zaila da, 57 urteren zama edukita, zure alderdi bat kontrolpean duzula uste eta guztiak eztanda egitea. Hori aztoramendua. Amorrua, argiak, itzalak, zalantzak, ziurtasunak, urduritasunak eta grina ditut gorputzean zabalduta. Suzko argi bat nire barnean txinpartaka eta zoratuta dabilela sentitzen dut.
Unahi 57 urte
Oso gozagarria da niretzat berriro deskubritzea nire intimitatea, nire burua maitatzeko eta nire buruarekin egoteko gaitasuna, eta horixe da tailerretik dakarten oparietako bat. Oso eskertuta nago. Zuri oparo hori eskaintzeagatik eta niri, hartzeagatik.
Alberto 44 urte
"Ikaragarrizko oparia izan da nire bikotearekiko, argitu zaizkit gauzak, zer nahi dudan, batez ere zer sentitu nahi dudan, elkar errespetua, elkarrekin ondo pasatzea, barre egitea, txorakeriak egitea intimitatean ere, elkar desira, konfiantza, lotsa galtzea...aixxxxx...ze ederra!!! Emozionatuta nago honekin batez ere... Hau da zalantzarik gabe ekarpenik handiena".
Enara 42 urte
"Ez ditut atzean utzi nahi tailer potente honen ondoren neuregan sentitzen ditudan askatasuna, maitasuna, konfiantza, segurtasuna… Ez ditut ahaztu nahi, eta naizen horri eta sentitzen ditudan horiei heldu nahi diet. Bidean aurrera egiten ari naizela ikusten dut. Maitekor sentitzen naiz, baina sentimendu hori ez da kariño faltatik edo gabeziatik sortzen, neuregan ezagutzen ez nituen berezko maitasunetik eta segurtasunetik baizik. Aspaldiko partez, ez naiz gaizki edo arraro sentitzen ondo egoteagatik"
Luis, 32 urte
"Dena erraza, organikoa eta naturala izan zen eta, orain, ez ditut dinamikak bereizi ere egiten, dena continuum bat iruditzen baitzait. Ondo dakit zaindu gaituzula, geure bidaia pertsonalak egiteko behar genuena eman diguzulako".
Mikel 29 urte
"Aste bukaera oso potentea izan zen barne begirada bat egiteko, sentitzeko eta plazerarekin konektatzeko".
Nerea, 48 urte
"Otseme bat otso-taldean bezain pozik nago, ez dut beldurrik, ez dut tentsiorik... 45 urte egitear naiz eta nire ametsetako bat bete dut tailerrean... ez da zehazki amets erotiko bat... maitatua sentitu naiz, inportantea ondoan nuenarentzat".
Olatz, 44 urte
"Asko lagundu didate tailerrean eroso eta ni neu naizen bezalakoa sentitzea, zure ezaugarri eder horiek: umorea, hurbiltasuna, eskuzabaltasuna, benetakoa izatea eta apaltasuna... Buruan lehertu egin zitzaizkidan baldintza mugatzaile guztiak, aurreiritziak, beldurrak.... sendatu egin nintzen, puska bat sendatu nintzen. Prozesua oso polita izan da. Bereziki azpimarratu eta eltzera bota nahi dut oso aske eta ni neu sentitu naizela. Gutxitan izan naiz horrelakoa, ni egiaz naizen bezalakoa".
Ainhoa, 39 urte
"Aste buru eder eta berezi honetaz gozatzeko aukera eman izana eskertu nahi dizut, oso berezia izan da, errepikaezina. Baimena eman diot nire buruari samurtasuna eta gozamena bizitzeko, esploratzeko, desiratzeko, emateko, hartzeko, zentzumenak pizteko eta sentitzeko".
Isabel, 50 urte
"Tailer benetan sendoa iruditu zait, dinamikek hausnartzera zaramatzate, seguru sentitzen zara eta zeure koilarakadak botatzen dizkiozu eltzeari neurri handian; era horretan, bidea egiten duzu (“Zure bidea”, oso inportantea) lasaitasun osoz, eta eraman zaitzaten uzten duzu. Itzelak iruditzen zaizkit tailerrean ematen dituzten jarraibide nagusiak: norberak bere nitasunetik hitz egin behar du eta ez du besteen bidaiez aritu behar, besteen gaineko iritzirik edo komentariorik egin gabe. Giro ederra, egokia dortokentzat, ostrukentzat... Lagungarri izan zait entzutea nola ikusten dituzun feminitatea eta gizonak, elkarrekin eraikitzearena. Zenbaitetan, iruditzen zait hori ez dela horrela ulertzen leku batzuetan, eta badirudi gizon izatea ez dela gauza ona".
Ander, 48 urte
"Urteak daramatzak bizipenean oinarritutako ikastaroak egiten, eta zu bezala egiten dutenak iristen zaizkit gehien. Buruan eroaldia noiz pizten zaidan ikusi dut zure tailerrean, eta eroaldirik ez piztea ere nire gain dagoela ohartu naiz (ez dakit beti horrela den), baina beste harreman-mota batzuk izan ditzakedanaren itxaropena ere piztu da nire baitan".
Juan, 54 urte
"Eskerrik asko nire sinesmen batzuen deseraikitze eraikitzaileenaren pizgarri izateagatik. Jakin-minez entzun ditut zure azalpenak, eta nire sinesmen batzuk eraisteko gogoa izan dut, ikastekoa, zure esaldiak gogoan iltzatzekoa, dena integratzekoa, hitz bakoitza neureganatzekoa eta gero eta gehiago jakitekoa... Eta bizipenen atala... nekeza egiten zait hitzez azaltzea... ero baten moduan gozatu dut, nire bizitza bestelakoa izango da hemendik aurrera.
Nire buruari galderak eginez geratzen naiz, hausnartzen, pozik, ilusioz, samur eta neure burua deskubritzen jarraitzeko gogoz." "Nire desira propioak desiratzea desiratzen dut".
Marta, 46 urte
"Batetik, plazera esploratzea, inozentziatik, guztiok pertsona izate hutsagatik dugun arima aratz horretatik. Ideia hau des-eraikitzen da: ezarritako markotik kanpora, sexuarekin zerikusia duten gauzak negatiboak dira. Eta bestetik, plazera larruazalaren azpian dagoela integratzea, ez baitu askorik inporta nor dagoen hor kanpoan. Denak balio du, errespetu oinarrizko hori betetzen baldin bada. Oso garbi dut orain helburua, zer des-eraiki eta zer neureganatu bestearekin topatzen naizenean".
Blanca, 48 urte
"Nire arima eta bihotzak ez daude tailerra hastean zeuden lekuan, orain berriturik eta zabaldurik baitaude, munduari irekita, eta orain ulertu egiten dute orain arte onartzen, ulertzen, sinesten, sentitzen ez zutena... nire etxetik urrats bat gertuago nagoela sentitzen dut, nire zoriontasunera hurbildu naizela. Gogo ikaragarria dut maitatzeko, begiratzeko, ukitzeko, usaintzeko, sentitzeko eta mugatu eta txiki egiten nauten hainbat kate askatzeko: sinesmenak, eginbeharrak, helburuak, pentsamenduak... Eskerrik asko nire arimaraino iritsi eta esnatzen laguntzeagatik".
Alberto, 34 urte
"Badakizu zer izan den niretzat berriro “sexu-desira” sentitzea? Eta ez desiratzen nautela sentitzea, nik desiratzea baizik!!!! Poza, ilusioa eta bizi-grina piztu zaizkit. Gaztetuta sentitu naiz, ez dakizu nola edo zenbateraino. Asteburu honetan, hitzez azaldu ezin dut zerbaitek indar-bultzada bat eman dit, nire mugetatik eta etsipenetatik askatzeko".
María, 58 urte
"Konturatu naiz oso inportantea dela niretzat azalen arteko kontaktua izatea munduan harremanak izateko maite ditudan pertsonekin, eta konturatu naiz, baita ere, zailtasunak eta beldurrak ditudala. Hitzez kontatu zenigun samurtasun hori sentitu nuen zure begiradan, ez nintzen epaitua sentitu gizon izateagatik, Jordi izateagatik, begirada sakona eta orekatua zen, baketsua. Eta ez nintzen beldurtu, lasaitu egin nintzen, ikusten nindutela sentitu nuen, eta nik energia horrekin berarekin begiratzen nuela sentitu nuen. Kontaktu maitekorraren bide horretara joaten utzi dut nire burua, hesiak urratuz, nire denborak errespetatuz... plazera sentitzen duen gorputza naizela sentituz".
Jordi, 35 urte