Urte askoan, min handia bizi izan dut sexu-heziketarik jaso ez dudalako eta pertsonen arteko harremanak kultura hegemoniko batetik ezarri nahi izan dizkidatelako. Gaztetan, ez nekien zer egin nire sexualitatearekin eta nire maskulinitatearekin. Gerora, medikuntza eta sexologia orokorrera eta alternatibora jo izan dut nire zailtasunak gainditzen saiatzeko.
Gizon izateko dudan modu neure-neurean arakatzen aritu naiz, berriz jaio eta neure burua berriz deskubritzeko. Txantxangorriak bezala aritu naiz terapia eta tailer askotan, nire burua eta nire harremanak sendatzeko eta sendotzeko. Bide horretan guztian, bizipen ugari izan ditut, hainbat tresna eskuratu ditut, eta berriro deskubritu dut nire gorputza. Arian-arian, neure burua zaintzen, maitatzen eta bakean bizitzen ari naiz.
Nire prozesu pertsonalean, taldeak bideratzeko eta sexologia-laguntza emateko formazioa eskuratzen ari naiz, eta bizitzak beste opari handi bat eman dit: topaketarako tailerrak antolatzen nabil, Ainhoarekin eta Maiterekin batera. Tailer horietan, pertsona askoren prozesu pertsonalen eta kolektiboen bidelagun gara, sexualitate askotarikoak landuz samurtasunaren bidez.